Irungo EAJ-PNVko Udal Batzarrak Gorka Álvarez Aranburu (Irun, 1984) izendatu du hiriko Alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeetarako.
Gorka Álvarez zinegotzi jeltzale gisa sartu zen Irungo Udalean 2023an, azken udal-hauteskundeen ondoren. 2024ko uztailean Udal Taldearen bozeramaile izendatu eta iazko urtarrilean Irungo Sozialistekin gobernagarritasun akordio batera iritsi ondoren, Irungo Udaleko bigarren alkateordeak Obrak, Mantentze eta Azpiegiturak eta Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Lankidetza arloak kudeatzen ditu ordutik.
Hautagaiak adierazi duenez, “Irun une erabakigarrian dago, hainbat proiektu estrategikorekin, eta proiektu horiek zehazten jarraitu behar dira hiri hobea eraikitzen jarraitzeko. Irungo EAJ-PNVk ia urte eta erdi darama Udal Gobernuan, irundarren egunerokotasuna kudeatzeko gai garela erakutsiz”. Álvarezek gaineratu duenez, “guztion artean ahalik eta Irun onena eraiki behar dugu, eta horretan aritu gara beti, orain gaude eta horretan jarraituko dugu. Hilabete hauetan herritarrei entzuten jarraitzea dagokigu, pertsona guztiak partaide sentituko diren hiri-proiektu bat eskaintzeko”.
Gorka Álvarez Aranburu, Enpresa Zientzietan diplomatua, EAJ-PNVren Diputatuen Kongresuko Euskal Talde Parlamentarioko laguntzailea izan zen 2008 eta 2015 artean eta, ondoren, 2015 eta 2017 artean, Isabel Sánchez Robles orduko Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren laguntzailea izan zen. Irungo Udalean bigarren alkateordetza izan aurretik (2025eko otsailetik), Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria izan zen (2017-2025).



