Irailak badu hasiera baten zerbait. Errutinara, eskoletara, lanera, kale jendetsuetara eta udan alde batera utzi ditugun egitasmo txiki horietara itzultzen gara. Atseden egunak, ilunabar luzeak eta udako topaketak atzean utzi, eta urtearen azken txanpari begira jartzeko eta aurrera begiratzeko une egokia da iraila.

Irunek ez du etenik izan uda honetan. Hainbat gairi erreparatu behar izan diegu eguneroko beharrei erantzuteko. Horren adibide dira, besteak beste, oporretako joan-etorrietan Bidasoaldea zeharkatzen duten trafiko-fluxu handiak. Beste behin ere agerian geratu da Biriatuko pasabidea arintzen denean trafiko-pilaketak eta auto-ilarak nabarmen gutxitzen direla. Hortik harago, hauteskunde aurreko beste eztabaida batzuek ez dute lekurik, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide-azpiegituretan egingo duen inbertsioaren jakitun baikara.

Ilusioz jarraitzen dugu lanean, Irunek etapa garrantzitsua baitu aurretik. Indargune ugari dituen hiria da gurea, baina baita atzeratu ezin ditugun erronkak dituena ere: etxebizitza, mugikortasuna, auzoak, kirola eta kirol azpiegiturak, segurtasuna, espazio publikoak, gazteentzako aukerak edo klima-aldaketaren erronkak. Gehiago egiteko gai izan behar dugu. Eta, batez ere, beste modu batera egin behar dugu: gehiago entzunez, beste erakundeekin ere hobeto planifikatuz eta erabakiak datozen urteetako Irunen etorkizuna kontuan hartuta hartuz, ez soilik epe laburrera begira.

Badakigu erronka handia dela, eta lanean jarraituko dugu irundarrei proiektu bat ilusioz betea eskaintzeko. Gure hiriak anbizioa berreskuratu behar du. Beti egin izan dugu, eta hala egiten ari gara Udal Gobernuan sartu ginenetik. Eta horrela jarraituko dugu, geure buruari eta herritarrei galdetuz zer nolako hiria eraiki nahi dugun, zer hobetu nahi dugun eta zer egin dezakegun Irunek etorkizunari berriro konfiantzaz begira diezaion.

Ikasturte honetan hiria zeharkatzen jarraitu nahi dut, auzokideekin hitz egiten, auzoak entzuten eta proposamenak jasotzen. Izan ere, Irunerako proiektu bat ezin da bulego batean eraiki. Kalean eta hiria egunero bizi duten pertsonekin batera eraiki behar da.

Iraila itzultzeko garaia da. Martxan jartzeko. Aurrera begiratzeko. Ilusioa berreskuratzeko.

Lan asko dugu egiteko. Zuek asko duzue esateko. Eta Irunek badu zer esan eta zer egiteko gogoa.

Has gaitezen.

 

Gorka Álvarez Aranburu

Irungo EAJ-PNV-ko bozeramailea

Interesgarria iruditzen bazaizu, partekatu albiste hau

Irungo EAJ-PNV