2026. urteak garrantzi historiko eta politiko berezia du Euskal Herriarentzat. Izan ere, beste zenbait mugarriren artean –hala nola, Eusko Jaurlaritza eratu zela 90 urte betetzen dira– aurten bi efemeride nagusi ditugu: batetik, 1876ko uztailaren 21eko Foruen abolizioaren 150. urteurrena; eta, bestetik, 1976an Bergaran bildu zen Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.
1876ko uztailaren 21eko legeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-erregimenaren abolizioa ekarri zuen, Bigarren Karlistadaren amaieraren testuinguruan. Nafarroa Garaiaren kasuan, foru-araubidearen eraldaketa eta burujabetza instituzionalaren murrizketa sakona lehenago gertatu zen, 1841eko Lege Hitzartuaren bidez, Lehen Karlistadaren ondoren. Lehenago, 1789-1790 urteen artean, Frantziako iraultzaren eskutik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa gertatu zen. Hiru prozesu horiek, bakoitza bere une historikoan eta bere berezitasunekin, Euskal Herriko lurraldeek mendeetan garatutako instituzio, eskubide historiko eta burujabetza politikoaren galera eta murrizketa ekarri zuten. Erabaki haiek herri borondatearen gainetik ezarri ziren, eta ondorio sakonak izan zituzten Euskal Herriaren egituraketa instituzionalean, lurralde-artikulazioan eta autogobernuan.
1876ko abolizio hartatik mende bat geroago, 1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren amaieraren testuinguruan eta trantsizio politikoaren atarian, Euskal Herriko hainbat udal ordezkari Bergaran bildu ziren. Alkateen Mugimendu hark Foruen abolizioaren mendeurrena baliatu zuen Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernurako nahia aldarrikatzeko.
1976ko adierazpen hartan jasotako espirituak gaurkotasun osoa du oraindik ere. Izan ere, udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun politiko eta instituzionala funtsezkoa izan da, eta gaur egun ere udal erakundeek herritarren borondate demokratikoaren adierazpide hurbilena izaten jarraitzen dute.
Bergaran izan ziren alkateek eta zinegotziek aitortu zuten ez zitzaiela samurra gertatu herriaren nahia eta erabakia ulertu eta argitara ematean beren gain hartu zuten erantzukizuna betetzea; ala ere, haiek uste zuten heldu zela garaia argi eta garbi adierazteko herriaren eskubide politikoak iraungi ezinak eta ukaezinak direla. Auziaren benetako funtsa ez bait zegoen foraltasun zaharrean, eskubide historiko horiek eguneratzean baizik, foruek adierazten zituzten subiranotasun-eremuak euskal nazio ikuspegitik gaur egunera eta etorkizunera proiektatzean, alegia.
Orduan bezala, bizi dugun egoera honetan ere, desafio berriei ekin beharrez aurkitzen gara eta argi aldarrikatu nahi dugu, etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela, hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan.
Oso garrantzitsua da une hau hartu behar ditugun erabakietan asmatzeko. Erantzukidetasun politiko eta sozialaren garaia da. Gure herria eta bere jendea aurrera ateratzeko ordua, garapen ekonomikoa gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta.
Erronka horiei guztiei ezin zaie behar bezala erantzun eskumen mugatuekin. Gaurko auziek gaurko tresnak eskatzen dituzte, eta Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna bere herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko.
Horregatik, oroimen historikoaren aitortzak gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatu behar du.
Horregatik guztiagatik, Irungo EAJ-PNVk eta Irungo EH Bilduk honako hau adierazten dugu:
Lehena. Bat egiten dugu Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin, eta bi efemeride horien garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen dugu.
Bigarrena. Sinatzaileok aitortzen dugu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako iraultzarekin gertatu zela 1789 eta 1790 artean; horrez gain, aitortzen dugu 1841ean Nafarroa Garaian, eta 1876an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarritako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera ekarri zutela. Era berean, aldarrikatzen dugu eskubide horiek ez direla iraungi, ezta herri borondate demokratikoaren ordez kanpoko erabakiz deuseztatu ere.
Hirugarrena. Sinatzaileok berresten dugu Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa eta euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea.
Laugarrena. Sinatzaileok aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz.
Bosgarrena. Sinatzaileok aitortzen dugu udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun erabakigarria, bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan; eta konpromisoa hartzen dugu etorkizunean ere Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan, erakunde demokratikoen rola indartzeko eta hauen artean, bereziki, udal erakundeena.
Seigarrena. Sinatzaileok bat egiten dugu 2026ko uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.



