Gorka Álvarez eta Iñigo Berges jeltzaleek atzo Eusko Legebiltzarrean egindako segurtasunari buruzko Osoko Bilkura monografikoko eztabaida jarraitu zuten; gainera, erakunde ezberdinetako ordezkariekin bildu ziren segurtasunaren eta bizikidetzaren erronkei buruzko gogoetak partekatzeko
Irungo EAJ-PNVren Udal taldeko bozeramaile eta hiriko alkatetzarako hautagai Gorka Álvarezek eta Iñigo Berges jeltzaleak, Irungo Udaleko egungo Segurtasun eta Herritarren Bizikidetzako ordezkariak, atzo Eusko Legebiltzarrean egindako segurtasunari buruzko Osoko Bilkura monografikoan parte hartu zuten, EAJ-PNVk Irunen segurtasunarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berresteko. Gainera, jardunaldian zehar, Imanol Pradales Lehendakariarekin, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuarekin, Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin eta hiru euskal hiriburuetako eta beste herrietako alkate edota ordezkariekin bildu ziren, segurtasunarekin lotutako gaiak eta erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia lantzeko. Lankidetza hori funtsezko tresna da herritarren kezkei erantzuteko.
Irungo EAJ-PNVk badaki segurtasuna herritarrak kezkatzen dituen gaietako bat dela, eta administrazio guztien konpromisoa, erantzukizuna eta etengabeko lana eskatzen dituela. Horregatik, beharrezkoa da gai horri zorroztasunez heltzea, pertsonen benetako beharrei erantzunez eta kaleetako bizikidetza eta lasaitasuna hobetzen lagunduko duten neurriak sustatuz. Gorka Álvarezek honako hau adierazi du: “Irungo segurtasuna axola zaigu, eta egunero egiten dugu lan hobetzeko. Aurrera egiteko modurik onena ahaleginak batzea, informazioa partekatzea eta erakundeen artean modu koordinatuan lan egitea dela argi dugu. Beraz, erakundeen arteko lankidetza da herritarrei erantzun hobeak emateko bidea”.
Testuinguru horretan, talde jeltzaleak Irungo Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratzen du. Lankidetza hori indartu egin da Irungo EAJ-PNV Udal gobernuan sartu zenetik, hirian jende gehien biltzen den garaietarako segurtasun-plan berriak abian jarrita, hala nola San Pedro eta San Martzial jaietarako eta Gabonetarako. Horrela, erakundeen arteko lankidetzak esperientziak partekatzea, jarduerak koordinatzea eta etengabe aldatzen ari den gizarte batean sortzen diren erronkei modu eraginkorragoan aurre egitea ahalbidetzen du.
Era berean, Irungo EAJ-PNVk ezinbestekotzat jotzen du segurtasunaren ikuspegi integrala izatea. Ikuspegi horrek ez du delituen prebentzioa eta horiei emandako erantzuna soilik kontuan hartu behar; herritarren arteko bizikidetza, pertsonen babesa, indarkeria mota desberdinen prebentzioa eta arrisku berriei emandako erantzuna ere jaso behar ditu. Horien artean dago ziberkriminalitatea, azkenaldian gehien hazi den delituetako bat.
EAJ-PNVk lanean jarraituko du Udalean Irunen segurtasuna eta bizikidetza indartzeko ekimenak sustatzeko. Erakundeen arteko lankidetza, plangintza eta erantzukizun partekatua funtsezkoak dira etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta Irun hiri hobea egiteko.




