Azaroko Ohiko Osoko Bilkuran, Irungo Emisio Baxuen Gunea (EBG) arautuko duen ordenantza behin betiko onartu da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari Plaiaundi institutuaren ondoan dauden lursailak lagatzea ere, GI-636 errepideko hobekuntza-lanak egin eta Zubi-Muxuko biribilgunerako irteera errazteko.

Irungo EAJ-PNVk EBGren behin betiko onarpena babestu du, «erantzukizunez eta konfiantzaz», Irunek jasangarritasunaren arloan aurrera egin behar duela ulertuta. Hala ere, neurriaren garapena eta aplikazioa gertutik jarraituko dituela ohartarazi du. Ildo horretan, ordenantzak segurtasun juridikoa bermatu behar duela eta herritarrek behar bezala azaldu gabeko arazo edo murrizketarik ez dutela izan behar gogorarazi du EAJ-PNVk. «Ekimen hau babesten dugu, baina bermeak eta argitasuna nahi ditugu. Ez dugu katuagatik erbia nahi», adierazi du Gorka Álvarez Udal taldeko bozeramaileak.

Talde jeltzaleak positiboki baloratu du behin betiko testuak herritarren ekarpenetatik eratorritako hainbat hobekuntza jasotzea. Horien artean daude familia-egoera eta egoera pertsonal jakin batzuetarako salbuespenak, turismo-ostatuen kasuistika txertatzea eta larrialdi egoerengatiko sarbideak justifikatzeko epea luzatzea. Era berean, herritarrei lasaitasun-mezua helarazi nahi izan die, araua pixkanaka ezarriko dela eta egokitzeko denbora-tarte zabala dagoela gogoraraziz.

Bestalde, Irungo EAJ-PNVk Plaiaundiko lursailen lagapenaren onarpena nabarmendu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-636 errepidean errei bat gehitzeko eta Zubi-Muxuko biribilgunerako konexioa hobetzeko aurrera egin ahal izateko beharrezko urratsa da. Jarduketa hori Irunen eta Bidasoalde osoan mugikortasuna eta errepide-azpiegiturak hobetzeko estrategia zabalago baten barruan kokatu behar da. Ildo horretan, Azken Portuko biribilgunea dagoeneko errealitate bat dela eta Palmera Monteroko inguruneko zirkulazioa hobetzen ari dela nabarmendu du; era berean, Hondarribiko Amuteko biribilgunea eraikitzeko lanak ere hasi dira. Jarduketa horiek Bidasoaldeko trafikoa hobetzeko 50 milioi euroko Plan Integralaren barruan daude, Hegoaldeko Saihesbidearen proiektua idazteko lanak martxan jartzearekin batera.

Irungo EAJ-PNVk azpimarratu du aurrerapen horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoak proiektu, inbertsio eta jarduketa zehatz bihurtzen ari direla erakusten dutela. «Errepideak, sarbideak eta konexioak hobetzea ez da azpiegitura-kontu hutsa: auto-ilarak murriztea, segurtasuna hobetzea eta milaka pertsonaren eguneroko joan-etorriak erraztea ere bada». Plangintza, inbertsioa eta erakundeen arteko elkarlana funtsezkoak dira Irunen eta Bidasoaldean dauden benetako mugikortasun-arazoei erantzuteko.

Interesgarria iruditzen bazaizu, partekatu albiste hau

Irungo EAJ-PNV