Azaroaren 29ko hauteskundeak direla eta, atzo Luis Mariano plazan egindako mitinak migrazio-politika kudeatuaren, segurtasunaren, autogobernuaren eta Irunek dituen azpiegitura eta proiektu pendienteen defentsaren beharra izan zuen ardatz

Iruneko Luis Mariano plazak EAJ-PNVren hauteskunde-ekitaldia hartu zuen atzo, datorren azaroaren 29ko hauteskundeen harira. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek, Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu Maribel Vaquerok eta Gipuzkoako hautagai Eneko Goiak alderdiaren hurrengo legealdirako konpromiso nagusiak partekatu zituzten herritarrekin, Madrilen Euskadiren interesak defendatzeko ahots propio, sendo eta konprometitua izatearen garrantzia aldarrikatuz.

Aitor Estebanek bere hitzaldiaren zati handi bat migrazio-politika “kudeatua, ordenatua, arautua eta segurua” izatearen beharrean oinarritu zuen, bai diskurtso xenofoboetatik bai inprobisaziotik urrunduta. EBBko presidenteak defendatu zuen elkartasunak plangintza, baliabideak eta arau argiak behar dituela, eta gogorarazi zuen Irunek gertutik ezagutzen dituela mugaren kudeaketaren ondorioak: Frantziako kontrolen eraginez eguneroko jardunean sortzen diren zailtasunak eta Bidasoan bizitako giza dramak. Era berean, Euskadik bere migrazio-errealitatea kudeatu ahal izateko eskumen gehiago eskatu zituen, eta enplegua integrazioa sustatzeko tresnarik onena dela defendatu zuen.

Estebanek EAJ-PNVk herritarren segurtasunaren defentsan egindako lana ere aldarrikatu zuen, arazoak aitortzea eta konponbideak eskaintzea erantzukizun politikoa dela azpimarratuz. “Segurtasuna askatasuna da”, adierazi zuen, Ertzaintzarentzat baliabide gehiago, epaiketa azkarrak eta berrerortze anizkoitzari aurre egiteko tresna eraginkorrak defendatuz. Irunera begira, abiadura handiaren etorrerak eta trenbide-zabalgunea Vía Irun proiektuaren bidez eraldatzeak hirirako eskaintzen dituzten aukerak nabarmendu zituen. Era berean, Madrilen konpromisoak lortzeko beharra azpimarratu zuen, oraindik gauzatzeke dauden hainbat proiektu bultzatzeko: Plaiaunditik Irun eta Hondarribia arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako lotura, Frantziarekiko trenbide-konexioa eta trenbide-lurren desafektazioa, besteak beste.

Bestalde, Maribel Vaquerok Irunek eta Euskadik Europa eta penintsularen arteko lotura-ardatz gisa duten kokapen estrategikoa nabarmendu zuen. Kongresurako hautagaiak trenbide-azpiegituretan pilatutako atzerapenak salatu zituen, eta gogorarazi zuen Madrilen gobernatzen duenak gobernatzen duela ere, konpromisoak bete gabe jarraitzen dutela. “Irunek, Gipuzkoak eta Euskadik ezin dute gehiago itxaron”, adierazi zuen, azpiegitura pendienteak amaitzeko eta gure lurraldearen kokapen estrategikoak eskaintzen dituen aukerak benetako aurrerapen bihurtzeko eskatuz.

Vaquerok migrazioaz eta segurtasunaz ere hitz egin zuen, erantzukizunaren eta bizikidetzaren ikuspegitik. Harrera- eta integrazio-eredu hurbil eta pertsonalizatua defendatu zuen, makrozentroen aurrean, eta Euskadirentzat eskumen eta baliabide gehiago eskatu zituen. Segurtasunaren arloan, EAJ-PNVk Kongresuan lortutako aurrerapausoak gogorarazi zituen, berrerortze anizkoitzari aurre egiteko, arma zurien erabilera mugatzeko eta prozedura judizialak bizkortzeko. “EAJ-PNVk ez du beste aldera begiratuko”, adierazi zuen, arazoak aitortzea konponbideak proposatzeko eta herritarren lasaitasuna bermatzeko lehen urratsa dela azpimarratuz.

Eneko Goiak, bere aldetik, autogobernua Euskadik aurrera egiten jarraitzeko berme nagusietako bat dela aldarrikatu zuen. Euskal erakundeek egindako lanari esker herrialde moderno eta lehiakorra eraiki dela gogorarazi zuen, hainbat arlotan Estatuko batez bestekoaren gainetik dauden adierazleekin. “Guk kudeatzen dugunak hobeto funtzionatzen du”, defendatu zuen. Adibide gisa, Topoaren zerbitzua martxan jartzeko gertutasuna aipatu zuen, eta azpimarratu zuen Irunek, trenbide-hiria izanik, Topoa eta Renfe izango dituela, azken horren eraginkortasuna Euskotrenena bezalakoa ez dela nabarmenduz. Horrela, zerbitzu publikoak eta azpiegiturak kudeatzeko gaitasun propioa izatearen garrantzia jarri zuen mahai gainean.

Hiru ordezkariek bat egin zuten azaroaren 29ko hauteskundeak Euskadiren interesen defentsa indartzeko eta haren beharrek eta lehentasunek Madrilen ahots propioa izan dezaten aukera direla esatean. EAJ-PNV “Euskal Etxearen aseguru-poliza” gisa aurkeztuz, kudeaketan, negoziazioan, konpromisoan eta emaitzen lorpenetan oinarritutako politika egiteko modua aldarrikatu zuten. Irunentzat bereziki garrantzitsua den mezua, hiriak bere proiektu estrategikoak, azpiegiturak eta aldarrikapenak agenda politiko eta instituzionalean presente mantentzea behar baitu.

Interesgarria iruditzen bazaizu, partekatu albiste hau

Irungo EAJ-PNV