Urriko Osoko Bilkuran udal tasa eta zergen izoztea onartu da, Udal gobernuko bazkideen artean agintaldiko laugarren urterako adostutako akordioan jasotzen zen bezala. Irungo EAJ-PNVren iritziz, akordio hau udal zerga-presioari eusteko hartutako konpromisoaren parte da, igoerarik ez aplikatzea eta Udal gobernuaren esparruan adostutakoa betetzea helburu.
Bestalde, Osoko Bilkuran udan zehar Irun parean AP-8 autobidean izandako auto-ilarak eta egoera horiek hiriko hainbat gunetan eragiten dituzten mugikortasun-arazoak ere izan dira hizpide. Testuinguru horretan, Irungo EAJ-PNVk deitoratu egin du alderdi politiko batzuek arazoaren arreta beste erakunde batzuen aurkako kritikak egitera bideratzea, Irungo alkategai eta jeltzaleen bozeramaile Gorka Álvarezek adierazi duen bezala: “Ilaren jatorria Biriatuko ordainlekuan eta Frantziako agintarien kudeaketan dago. Uda osoan gai honi bueltaka ibili gara, eta gauza bat argi geratu da: AP-8an noizean behin sortzen diren auto-ilarak eta, horren ondorioz, Irungo erdigunean sortzen diren mugikortasun-arazoak Biriatuko ordainlekuan dute jatorria. Eta hori ukaezina da!”.
Irungo EAJ-PNVren ustez, eztabaidak auto-ilara horien jatorriari heldu behar dio, eta agintari eskudunen inplikazioa eskatu behar da konponbideak bilatzeko. Helburua da mugako pasabidean sortzen diren pilaketen ondorioek irundarren eguneroko mugikortasunean eragiten jarrai ez dezaten.



