Udan zehar, Irunek hainbat ekitaldi eta jaiez gozatu du. Sanmartzialak agurtu ostean, auzoek hartu dute protagonismoa eta euren kaleak alaitu dituzte; hala nola, Santiago, Lapitze, Alde Zaharra eta beste hainbat auzo. Irungo Euskal Jirak ere, beste urte batez, kultura, euskara eta gure hiriaren ondarea uztartu ditu, irundarron nortasuna eta gure hiriak duen aberastasuna erakutsiz.
Baina uda ez da ospakizun eta jai giroa bakarrik izan. Irunek Frantziako Estatuak Biriatuko bidesarian ezarritako kontrolen ondorioak ere jasan ditu, herritarren egunerokoan eragin zuzena izan duena. Horrelako egoeren aurrean, herritarrek konponbideak behar dituzte, ez hauteskunde-aurreko izaera duten adierazpenak edo aurpegiratzeak. Gure hiria eta bertako herritarren interesak lehenetsi behar ditugu, eta horrek elkarrizketa, lankidetza eta konponbide errealistak eskatzen ditu.
Ohikoa da iraila eta ikasturte politiko berriaren hasiera lotzea. Baina Irungo EAJ-PNVn ez gara oporretatik itzultzen hiria ez delako gelditzen eta udan lanean jarraitu dugulako. Festetan eta ekitaldietan parte hartzeaz gain, hiriko eguneroko gaiak jorratzen jarraitu dugu, herritarrei eta gizarte-eragileei entzunez ─irundarrek Emisio Baxuen Eremuari buruz egindako proposamenen azterketa, esaterako─ eta datozen hilabeteetarako hainbat ekimen eta jarduera prestatuz ─hala nola Eusko Alderdi Jeltzaleak kudeatzen duen Memoria Demokratikoaren arloak 1936ko gertakari latzak gogoratzeko antolatu duen programa─.
Horregatik, iraila ez da ikasturte politiko berri baten hasiera hutsa. Irunek aro berri bati ekin dio eta Irungo EAJ-PNVtik anbizioz egiten dugu, baina baita arduraz ere. Irunek asko du egiteko, baina baita irabazteko ere. Eta horregatik beharrezkoa da ilusioa berreskuratzea eta hiriak dituen aukeretan benetan sinestea.
Irunentzat zer nahi dugun, nolako hiria eraiki nahi dugun eta datozen urteetan zein norabide hartu nahi dugun erabakitzeko unea da hau.
Iraila, beraz, ez da errutinara itzultzea. Irun hobe baten eraikuntzak ez du oporrik hartzen eta ez du etenik. Iraila etapa berri baten abiapuntua da. Eta Irungo EAJ-PNVtik prest gaude erronka horri aurre egiteko: lanarekin, proposamenekin, ausardiarekin eta, batez ere, etorkizunera begira, irundar guztientzat Irun hobea eraikitzeko ilusioarekin.



