Urtarrileko Ohiko Osoko Bilkuran, Irungo Udalak aho batez onartu du Hondarribiko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmena, Zubia Zentroan gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuak eskaintzeko. Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkari jeltzaleak azaldu duenez, “datozen lau urteetarako akordioa da, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Irunek bere gain hartuko du gastuen % 80 eta Hondarribiak bere gain hartuko du gainerako % 20a”. Gaineratu duenez, “programak bultzatzen eta hiriko eragileekin sinergiak bilatzen jarraituko dugu, zentroen erabiltzaileak hiriaren eta gizartearen parte senti daitezen lortzeko”.
Gainera, Osoko Bilkuren aretora bertaratu den pertsona batek egindako galdera baten aurrean, Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako ordezkari jeltzaleak animalien ongizateari buruzko legearen egungo egoera azaldu du: “Udalak bere gain hartzen ditu udalekuetako albaitaritza-arretaren ondoriozko gastu guztiak, baita bertan dauden animalientzat beharrezkoak diren elikagaiak eta elementuak ere (janlekuak, etxolak, etab.). 400.000 euro inguruko kontratuak ditugu eta, horrela, argi geratzen da animalien ongizatearekiko Udalak duen borondatea; izan ere, aitzindari izan gara ordenantza propio eta aurreratu bat sortzen. Ordezkari gisa egin nein lehen hitzaldian adierazi nuen moduan eta oraindik ere baieztatzen dut gure borondatea da ahalik eta pertsona eta elkarte gehienekin adostea animalien kolonien tratamendua, betiere errespetuaren eta fede onaren premisarekin”.

Enlaces de interés


