Iraila hasieran ekitaldi xume bat ospatu zen Irungo Udaletxe aurrean 1936ko gertakariak gogora ekartzeko. Honekin batera, hainbat hitzaldi gauzatu ziren Palmera Montero Gunean Irunek orain dela 89 urte jasandako okupazioaz hitzegiteko. Gernikako Batailoiaz, Bidasoako mugaz, irundarren defentsaz, Erorien Haranean dauden irundarretaz eta Euskadin izandako bonbardaketaz mintzatzeko aukera egon zen eta, baita ere, ‘Deserriratuen Memoriaren Zubia’ erakusketa Abenida zubian ikusgai egon zen, Antxeta Irratiak antolatuta.

Eusko Alderdi Jeltzalea buru duen Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren arloak 1936ko irailean hiriak bizi eta jasan zituen gertakari larriak gogoratu ditu, irundarren giza eskubideak urratu ziren gertaerak. Helburua argia da: egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta errepika ezaren printzipioak sustatzea. Hori dela eta, Gorka Álvarez jeltzaleak zuzentzen duen sailak memoria ekitaldi horiek antolatu zituen irailaren 5ean Irunen ‘Memoriaren Eguna’ izateko proposamenarekin.

Urte bukaera arte hainbat ardatz nagusi ditugu bidea egiten jarraitzeko eta proiektu estrategikoetaz gain, irundarren kezkak erantzuteko gai izan behar duen aurrekontu bat lantzen hasi behar dugu gaurtik urte bukaera arte; horretan arituko da Irungo EAJ-PNV, erantzukizunez eta leialtasunez.

Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da orainari eta etorkizunari heltzeko. Udazken hau garrantzitsua izango da, koalizio-gobernutik, hiriak dituen erronka garrantzitsuei heltzeko. Eta horretan lan egingo dugu, aurrera eginaraziko gaituen bidea eraikitzen.

Interesgarria iruditzen bazaizu, partekatu albiste hau

Irungo EAJ-PNV