Osasun Sailak beste urrats bat eman du Irunen osasun-laguntza hobetzen jarraitzeko, beste ekintza batzuekin bat eginez
Irungo EAJ-PNVko Udal Taldea pozik agertu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Bidasoa eskualdean osasun-zerbitzua eta instalazioak hobetzeko eman dituen azken urratsekin. Imanol Pradales Lehendakariaren Gobernuak eta Alberto Martínez sailburuak Irunen eta Hondarribian asistentzia-kalitatearekin eta zerbitzuen modernizazioarekin hartutako konpromisoa irmoa da; hala erakutsi dute azken hilabeteotan hartutako neurriekin eta, batez ere, gauzatutakoekin.
Aste honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste urrats garrantzitsu bat eman du haurren osasun-arreta hobetzeko eta Irun Zentroko anbulatorioko asistentzia arintzeko, Irunen Lehen Mailako Arretarako espazio berriaren obra-proiektua kontratatuta. Espazio hori Elizatxo etorbideko Alarde eremuan kokatuko da. Irungo EAJ-PNVk 2024ko martxoaren 21eko Ohiko Osoko Bilkuran udal lokalak euskal sailari lagatzea proposatu zuen, Irungo Sozialistak, Elkarrekin-Irun-Podemos, Irungo EH Bildu eta Talde Popularraren ezezkoarekin. Urte honen hasieran, Udal Gobernuaren akordioaren aurretik, jeltzaleek berriz ere gogorarazi zuten lagapen hori.
Osasun Sailak lokal hori lagatzeko eskaera formala egin du. 542 metro karratu erabilgarri ditu eta Irungo Lehen Mailako Atentzioko espazio berria hartuko du. Orain, Irungo Udalak onartuko du lagapen hori. Irungo EAJ-PNVk borondate politikoa eskatu die udal talde politikoei eta duela urte eta erdiko ezezko botoa aldekoa izan dadila eskatu du, hirian osasun zerbitzua hobetzen jarraitu ahal izateko.
Irungo EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramailea den Gorka Álvarez pozik eta itxaropentsu agertu da, “ikusten ari baikara Bidasoa 2025-2035 ESIaren Plan Zuzentzailea gauzatzen ari dela eta horrek inbertsio ekonomikoa ekarriko du. Osasun-zerbitzuan eragin zuzena duten zailtasunak konpontzen ari dira”. Bestalde, “irundarrei pazientzia” eskatu die berriro, eta “antzemandako gabeziak betetzeko eta zerbitzua hobetzeko hartzen ari diren neurriak” nabarmendu ditu.
Behin-behineko azpiegitura berri hori ebakuntza-gela berriei, Bidasoako ESIaren gerentzia berriari, haur eta gazteen psikiatriako plaza berri baten sorrerari eta pediatriako plazak finkatzeari gehitu behar zaie, Oinaurreko anbulategia eta Irun-Erdialdeko anbulategi handia errealitate bihurtzeko lanetan aurrera egiten den bitartean.



