Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek aho batez onartu dute harrera-pisuen erabilera jasotzen duen lehen araudia, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Ordenantzara egokituz. Egonaldi mugatuko ostatuen erabilera arautuko duen araudi berria Josu Iguiñiz jeltzaleak eta Gizarte Ongizateko ordezkariak aurkeztu du. “Araudi berriak araubide ekonomikoa hartzen du kontuan, legediarekin bat etorriz. Oso ondo neurtu dugu erabiltzaileek ordaindu beharreko zenbatekoa, eta haien diru sarreren araberakoa izango da beti, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen kasuan izan ezik, haiek ez baitute ezer ordaindu beharko. Araudi berri eta beharrezkoa da hirian: erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak xedatzen ditu, eta baliabideak hobeto kudeatzen lagunduko digu”.
Udalak zazpi harrera etxe ditu larrialdi batean dauden pertsonentzat eta bizikidetza unitateentzat eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, eta haietan sartzeko baldintzak, haien erabilera eta harreraren bukaera behar bezala kudeatzeko onartu du arautegi berria. Haren bidez, egonaldien iraupena mugatu da, baliabide hau ez delakoan etxebizitza egonkor baten beharrari erantzuteko; aitzitik, larrialdi batean edo premiazko egoeran dauden eta ostatu hartzeko beste aukera egonkor bat edo baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen beharrei erantzuteko bitarteko bat da.
Zehazki, arautegiak parametro hauek zehazten ditu: zerbitzua eta prestazioak, hartzaileak, harrera etxeetan sartzeko eskakizunak eta prozedura, egonaldien iraupena, instalazioen erabilera, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak eta Irungo Udalaren eskumenak. Alde horretatik, Udalak, oro har, etxeak behar bezala erabili eta mantentzeko eta haietan bizikidetza bermatzeko jarraibideak emango ditu, baita zerbitzuaren helburuak lortzeko gidalerroak ere.
Irun ‘go Atsegiña Elkarteko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa
Irungo Udalbatzak aho batez aitortu du Irun ‘go Atsegiña Elkarteko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Irungo kultur ondarearen parte dela. Irun’go Atsegiña Elkarteko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsan ondarezkotasuna eta izaera historiko eta kulturala errekonozitu du, espresio kultural berezi bat den aldetik, XIX. mendean dokumentatutako sustraiak dituena eta gaur arte iraun duena bizirik. Gainera, elkarlanean aritzeko marko bat ezartzeko aukera aztertzea erabaki du, ondare kultural horren jarraitasuna, egoera ona eta duintasuna bermatzeko, eta etorkizunean haren esparruan Konpartsaren inguruko dokumentazio, zabalkunde, formakuntza eta dibulgazio lanak egiteko aukerak irekita utziz.
Irungo EAJ-PNVko bozeramaile den Gorka Álvarezek goraipatu duenez, “gaur egungoa bezalako gizarte digital eta indibidualista batean, harrizko kartoizko figura batzuek beren dantzekin, jantziekin, aurpegi ikaragarriekin eta pertsonaia horien inguruan sortzen diren istorioekin belaunaldien ilusio hori pizten jarraitzeak merezi du aintzatespen instituzional hori, izatearen eta sentipenaren zati eta erreferente izaten jarraitzeko behar den arnasa, bere ondare material eta immaterialaren zati gisa bultzatuz”.
Minutu bateko isilunea Gazan
Ohiko Osoko Bilkura hasi aurretik, ordezkari politikoek minutu bateko isilunea egin dute Gazaren eta bere biztanleriaren gain gertatzen ari diren eraso justifikaezinen aurrean.



