Azaroko Ohiko Osoko Bilkuran Irungo Udalak doako lagapen bat onetsi du, Eusko Jaurlaritzaren alde. Zehazki, Sindikal zaharraren partzela lagako zaio Hezkuntza Sailari. Partzelak 700 m2 ditu guztira, Udalaren jabetzakoa da, eta Alberto Larzabal kaleko 1.ean kokatuta dago, hau da, Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren ondoan. Lagapen horri esker, zentroa handituko da, beste eraikin bat altxatuta, etengabe hazten ari den lanbide-heziketaren eskariari erantzuteko.
Irungo EAJ-PNVko bozeramaile Gorka Álvarezek positibotzat jo du akordio hau, Bidasoa eskualdeko eta hiriko hezkuntza beharrei erantzun egokia ematea ahalbidetuko duena: “Bidasoa Institutuaren etengabeko errebindikazioa izan da irundarren etorkizuneko belaunaldiak trebatzeko espazio gehiago izatea. Erabat gogobetetzen gaitu Bidasoa Institutuaren aldarrikapen historikoari udal lursailaren lagapen honekin erantzuteak, bere irakaskuntza jarduera garatzen jarraitu ahal izateko”. Gainera, Eusko Jaurlaritzak osasun arloan egindako inbertsioak gogorarazi ditu: “Lagapen hori ezin dugu Eusko Jaurlaritzak gure hirian duen plangintza askoz zabalago eta handinahiago batetik bereizi. Herritarrak asko kezkatzen dituen gaia da Osasunarena, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila arduratzen da horretaz, Bidasoako eskualdean dauden beharrizanei erantzuten saiatzeko konpromisoak pixkanaka betetzen ari baita”.
Hala, honako ekintza hauek egiten ari dira:
- Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko etorkizuneko ebakuntza-geletako obren aurretiazko lanak egin dira. Obra horiek 2026an hasiko dira, eta aurrekontuan 26.962.000 euro esleitu dira 2025-2028 aldirako.
- ESI Bidasoako gerentzia berritu da.
- Haur eta gazteentzako arreta psikiatrikoari irtenbidea eman zaio plaza berri bat sortuz eta psikologiako plaza bat gehitu da lehen mailako arretan.
-
Urologia-zerbitzuaren gabeziei ahal den neurrian erantzun zaie, eta kasuak artatzen ari dira.
- Lehen mailako arreta indartzen saiatu da LEP berrien bidez.
- Irunvik Irungo Udalari utzi dizkio Alardearen eremuko 653m2-ko lokalak, Osasun Sailak 2026an pediatria zerbitzuak lekualda ditzan, 987.000 euroko aurrekontuarekin Eusko Jaurlaritzaren kontura.
- Oinaurreko anbulategia etorkizunean eraikitzeko plangintzan aurrera egin da, eta 11.396.000 euroko konpromisoa hartu da 2025-2028 aldirako.
- Planifikatzen ari dira Irun Erdialdeko anbulategia izango dena.
-
Harreman ugari izan dira erakundeen artean eta hainbat gizarte-eragilerekin, jendea eta erakundeak kezkatzen dituen benetako arazo bati heltzeko eta horri erantzuteko.



