Otsaileko Ohiko Osoko Bilkuran, Irungo Udalak aho batez onartu du Indarkeria Matxistaren Esparruko Erakunde Arteko Arreta eta Koordinazio Protokoloa; hala, 2021eko maiatzaren 28ko osoko bilkuran onetsitako aurreko bertsioa eguneratu du. Ondorioz, hiriko indarkeria matxistaren kasuen aurrean jarduteko tresna horren edukiak berritu dira, eta biktimentzako arretan eskumena duten administrazioen arteko koordinazioa indartu egin da.
Aurrerapen horrek hiru jarduketa ditu oinarri gisa: dokumentua eguneratzea, azken urteotan egon diren legegintzako aldaketetara egokitzeko; prozedura eta baliabide berriak sartzea protokoloan; eta erakunde gehiagok sinatzea, sare sendoa eta konprometitua bermatzeko. Ildo horretan, Irungo auzialdiko auzitegiaren Atal Zibileko eta Instrukzio Ataleko 4. plaza protokoloan sartu da; beraz, Justiziaren arloak ere dokumentua sinatu du, Irungo Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Osakidetzarekin batera.
Maite Cortinak, Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideen arloko ordezkari jeltzaleak, honako hau adierazi du: “Protokolo eguneratu hau, dokumentu teknikoa izateaz gain, hiri osoaren adierazpena da. Izan ere, horren bidez, aditzera ematen dugu Irun justuagoa, seguruagoa eta berdinzaleagoa izan daitekeela sinesten dugula. Hots, esaten dugu ez dugula atzera egingo emakumeen eskubideen babesean, eta indarkeria matxistaren aurrean defendatuko ditugula”.
Gainera, Udalbatzak aho batez onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa Aduana zaharraren inguruan, Vía Irunen esparruan.



