Irungo EAJ-PNVk ostiral honetan aurkeztu du komunikabideen aurrean herritarrekin are gehiago konektatzeko aukera emango duen webgune berria. Irungo Euzko Alderdi Jeltzaleak Facebook, Instagram eta X sareetan dituen profilei gehitzen zaie tresna berri hau. Irungo 8imedia enpresak egin du eta talde jeltzaleak horrela erantzuten dio irundarren eskaeretako bati.
Formatu erakargarri eta errazean, erabiltzaileek bost atal aurkituko dituzte www.eajpnvirun.eus webgunean: ezagutu gaitzazu, Udal taldeko zazpi zinegotziak eta Udal batzordea osatzen duten pertsonak aurkezteko; proiektu estrategikoak, Irungo EAJ-PNVk gobernatzen dituen arloetakoak nabarmenduz; albisteak; ‘Zurekin Irun’; eta edozein gairi buruz iradokitzeko eta galdetzeko harremanetarako bideak. Horrekin batera, sare sozialen profilak eta hainbat esteka interesgarri erakusten dira, hala nola Eusko Buru Batzarraren, Gipuzkoa Buru Batzarraren eta Sabino Arana Fundazioaren webguneak.
Aurkezpenean Jasone Ugarte Udal batzordeko presidenteak eta Gorka Álvarez Irungo EAJ-PNV Udal taldeko bozeramaileak parte hartu dute. Biek adierazi dute “tresna honen bidez irundarrengandik are hurbilago egoteko aukera dugu. Hiri proiektua herritar guztien artean egiten dugu eta zertan ari garen jakin dezaten nahi dugu; jendea horren partaide izan dadin nahi dugu eta guztion artean Irun hobe bat egiteko aktiboak izan daitezen animatzen dugu”.
‘Zurekin Irun’
Webgunearen atal bat ‘Zurekin Irun’ aldizkariarena da. Martxoan jarri zen martxan eta 2025eko San Pedro eta San Martzial Jaien atarian bigarren zenbakia argitaratu da. Webgunean herritarrek lehen bi zenbakiak eta argitaratzen diren hurrengoak ikusteko aukera izango dute, Irungo EAJ-PNVren bilakaera ikusteko eta haren proiektuak ezagutzeko. Bigarren ale honetan, Irungo EAJ-PNVk San Pedro eta San Martzial 2025eko jaiak zoriontzen ditu irundar guztiei. Horrekin batera, martxotik hona Udal taldeak aurkeztutako hiru albiste nabarmentzen dira: joan den apirilaren 20ko Aberri Eguna; Irungo EAJ-PNVk bultzatutako Juan Thalamas Labandibar kaleko 55. zenbakiaren eraispena; eta Txenpereneako kirol esparruarekin ematen ari diren urratsak. Tokiko Gobernuko lau ordezkari jeltzaleek euren arloan dituzten erronkak azpimarratzeko tartea dute.
8imedia
8imedia Diseinu eta Komunikazio Estudioa 2014an sortu zen eta berak diseinatu du webgunea. “Argi genuen hiriko enpresa batekin lan egin nahi genuela”, adierazi du Jasone Ugartek. “Zero kilometrokoa da, eta horrek balio handiagoa ematen dio”. Agentziaren ezaugarri nagusiak dira web diseinua, bideoak egitea, enpresen sare sozialetarako online komunikazioa eta diseinu grafikoa sortzea.
Jasone Ugarte eta Gorka Álvarez ordezkari jeltzaleek komunikabideei 2025eko San Pedro eta San Martzial Jaiak zoriontzeko aprobetxatu dute, ekaineko egun berezi hauen xehetasun guztiak etxeetara eramanez lan handia egiten baitute.



